Aholkua ikusi

Beste guraso batzuk egindako galderak eta erantzunak aurkituko dituzu atal honetan. Hala ere, behar duzun aholkua ez baduzu aurkitzen, joan aholkuak eskatu atalera eta galdetu nahi duzuna.

Leire Jiménez
2015-11-30


Egun on! Leire naiz eta orain dela asko zalantza dut buruan... Nire alabak 21 hilabete dauzka eta aurten haurreskolara joaten hasi da. Ni andereñoa naiz beste eskola batean eta EGA lortu nuen orain dela zortzi urte (beti A ereduan ikasi dut). Alabarekin abestiak eta marrazkiak (pailazoak eta abar) euskaraz egiten ditugu, ludotxikian zein haurreskolan ere euskaraz mintzatzen gara. Nire inguruan gaztelaniaz hitz egiten da (senarrak euskara gutxi daki) eta nire ama-hizkuntza gaztelania da (euskara erabiltzen dut lanean, batez ere). Alabari zuzentzeko askotan gaztelania erabiltzen dut eta gutxitan euskara...Beti galdetzen diot neure buruari dena euskaraz izan behar den... Alde batetik pentsatzen dut gaztelaniaz hobeto hitz egiten dudala alabari (goxotasun handiarekin...) eta gainera nire inguruan horrela jokatzen da... baina beste aldetik pena da nik euskara jakitea eta hainbeste ez erabiltzea... Eskerrik asko zuen laguntzagatik. Agur bero bat, Leire

Kaixo Leire

Hizkuntza kontuak patxadaz hartzea nahi dugu eta, alabarekin ari zarenean, garrantzitsuena eroso egotea da; hortaz, zure ustez, alabarekin gaztelaniaz hobeto komunikatzen bazara, hitz egin lasai alabari gaztelaniaz. Alabari euskara emateko, umearekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk identifikatzea da onena, hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsiko zarete. Hori bai, ahalegindu gero eta euskara gehiago erabiltzen bion artean, eta ikusiko duzu apurka-apurka bion arteko euskarazko komunikazioa gero eta erosoagoa izango dela.

Horrez gain, eskolan matrikulatzeko sasoia heltzen denean, zuon umeak euskaraz ondo egitea nahi baduzue eta elebiduna izatea nahi baduzue, zalantza barik jarraitu aukeratu duzun D ereduan.

Ahal duzun neurrian, hazten denean eskola orduz kanpoko jarduerak ere euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko jasotzen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake. Horrela, ingurukoekin euskaraz aritzeko aukerarik ez badu ere, bere lagunekin euskaraz arituko da.

Beraz, ez kezkatu umeak bi hizkuntzak ondo ikasiko baititu, beti euskaraz egiten ez badiozue ere.

 

Oihane Abarrategi
2015-10-23


Kaixo, ume jaioberri bat daukagu, ta nire asmoa umearekin euskaraz egitea da. Bestalde nire bikotea austriarra da eta berak alemaneraz egin nahi dio. Nire bikoteak euskararik ez daki (alemanez eta batez ere gasteleraz egiten dugu gure artean). Zein da biderik egokiena umeak ikas dezan baina zoratu gabe? Bakoitza hizkuntza bakarrean egitea? BAina batuztan umeari hitzegiten diodanean baina aitak uler dezala nahi dudanean ze erabiliko nuke gaztelera edo alemanera( alemanez ez dut gastelera edo euskeraz bezain ono egiten)? edo euskaraz esan eta beste hizkuntzan Eta bikotekidearekin, beti hitzkuntza bera edo aleman eta gaztelera nahastea posible litzateke? Milesker, Oihane

Egun on,

Egiten duzun galderaren inguruan, zenbait hausnarketa eta hainbat ideia datozkit burura.

Batetik, etxe berean hiru-lau hizkuntza elkarrekin bizitzea ohikoa da. Beraz, hasteko, garbi eduki zuen egoera beste etxe askotan ere ematen dela.

Bestetik, hizkuntzen transmisioaren gaia ahalik eta modu naturalenean eta atseginenean hartu behar dugu: haur batek aldi berean hainbat hizkuntza ikas ditzake. Hizkuntzak entzun eta erabiltzen baditu, ikasi egingo ditu zailtasunik gabe.

Baina garrantzitsua da gurasook hizkuntzen transmisioaren gaia patxadaz eta naturaltasunez hartzea. Disfrutatu dezagun!

Ideia hauek kontuan hartzea proposatuko nizuke:

-     -Bakoitzak berean: zuk euskaraz egin eta bikotekideak egin diezaiola alemanieraz. Bakoitzak berean, beti. Baita beste pertsona batzuk aurrean daudenean ere. Hau da: elkarrizketa nire semearekin-alabarekin baldin bada, bion arteko hizkuntzan egingo dugu. Pertsonak eta egoerak hizkuntzekin lotzen ditugu, eta zuen semea-alaba etxean batekin euskaraz aritu daiteke, eta bestea agertzean harekin alemanieraz hasi. Kalean eta eskolan ere berdin berdin egingo du. Eta ez du aukeratu behar: identifikazio hizkuntzaren arabera egingo du.

 -    -Ama hizkuntza aberatsa eta etxeko hizkuntzak aberatsak: zuen semea-alaba eleanitza izango da. Hizkuntza bat baino gehiago ikasiko ditu: gutxienez euskara, alemaniera, gaztelania eta ingelesa. Hizkuntzak ondo ikastera begira, oinarri oinarrizkoa da ama hizkuntza. Ama hizkuntza aberastasuna baldin badu, beste hizkuntzetan maila on bat lortzeko abiapuntua ezin hobea da. Beraz: saiatu ama hizkuntza aberatsa eskaintzen eta hizkuntzarekin asko jolasten (abestu, ipuinak kontatu, irakurri eta burura datorkizuen edozein gauza). Noski, gurasoen beste hizkuntzan ere aberastasun hori eskaintzen ahalegindu.

 -       - Etxeko hizkuntza alemaniera edo gaztelania izan daiteke, baita nahasketa bat ere. Hau da: hirurok elkarrekin hizketan ari zaretenean zein hizkuntza erabiliko duzue? Zuen nahia hizkuntza hori alemaniera izatea bada, egin ezazue alemanieraz. Eta zuk zure burua mugatuta ikusten duzunean, egin ezazu gaztelaniaz egoera edo elkarrizketa horretan. Hau da: etxeko hizkuntza alemaniera da, baina beste hizkuntzak ere baliatu ditzakegu komunikazioa ez kaltetzeko. Haurra ere berehala jabetuko da horretaz.

 -        - Identitatea. Zer nahi dugu izatea hizkuntza bakoitza? Ikasten ditugun hizkuntzak gure identitatearen parte bihurtzen dira. Hizkuntzak izan daitezke: ama-hizkuntza, hizkuntza afektiboa, etxeko hizkuntza, ikasteko hizkuntza, lanerako hizkuntza, bidaiatzekoa eta abar luze bat. Beraz, hauxe galdetu behar diozue zuen buruari: zer nahi duzue izatea zuen seme-alabarentzat ikasten ari den hizkuntza horietako bakoitza? Nola bizitzea nahiko zenukete? Ba horixe da transmititu behar diozuena zuen jarrera eta jokabideekin.

--     - Zaindu hizkuntzekin harremana: identitatearen bide horretan, zaindu euskararekin eta alemanierarekin harreman handia eta positiboa izatea (eskola orduz kanpoko jarduerak, telebista, musika, kaleko harremanak…). Kontuan izan etxean nagusiki euskara eta alemaniera eskaini arren, gizarteko hizkuntza nagusia gaztelania dela eta horrek eragin handia duela beraiengan. Beraz, eleaniztasuna modu positiboan bizi dezan, zaindu euskararekin eta alemanierarekin harremana. Horretan lagungarria da semearekin-alaberakin eleaniztasunari buruz ere hitz egitea: etxean hitz egiten dituzuen hizkuntzei buruz, gurasoon hizkuntza ibilbideari buruz, ikasten ari den hizkuntzei buruz… Hau da: ikus dezala arro eta pozik zaudetela aniztasun horrekin, eta berak ere horrela bizitzea nahi duzuela.

 Ikusten duzun moduan, hainbat puntu aipatzen dizkizut. Baina oinarrian beti ideia bat dago: eleaniztasuna normala eta aberatsa da, eta hori bera da seme-alabei transmititu behar dieguna, beraiek asko irabazten ari direla eta guk disfrutatu egiten dugula bide horretan.

 

Igone Gutierrez
2015-09-10


2 hilabeteko haurra daukat, eta elebidun izatea nahi dut. Euskara ikasi dut, baina ez da nire ama-hizkuntza. Gaztelaniaz hobeto konpontzen naiz. Gainera, bai etxean bai senide eta lagun gehienen artean ia ni bakarrik egongo nintzateke euskaraz hitz egiten. Bi hizkuntzak erabiliz gero haurra nahasiko dudan jakin nahi dut, baita euskaraz ez dakien jendearen aurrean gaudenean gaztelaniaz hitz egin beharko niokeen ere. Aldez aurretik, eskerrik asko.

Kaixo Igone

Hizkuntzari lotutako kontuak patxadaz hartzeko esan nahi dizugu. Pertsonak eta egoera desberdinak hizkuntzekin lotzen ditugu. Hizkuntza bat baino gehiago erabili dezakegu; izan ere, egoeraren edo aurrean daukagun pertsonaren arabera hizkuntza bat edo bestea aukeratuko dugu. Beraz, lasai, ez duzue haurra nahasiko.

Haurrarekin hitz egiten duzunean eroso egotea da garrantzitsuena. Beti euskaraz hitz egitea kostatzen bazaizu, hobe duzu haurrarekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk bilatzea; hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortzean handiagoetara iritsiko zarete. Dena dela, saia zaitez bion artean gero eta sarriago erabiltzen euskara, eta ikusiko duzu zuon arteko euskarazko komunikazioa gero eta arinagoa eta erosoagoa izango dela.

Eskolan ikasteko eredua aukeratu behar duzuenean, benetan euskara arazorik gabe hitz egin dezan nahi baduzue, hau da, epe luzera elebiduna izatea nahi baduzue, zalantzarik gabe aukerarik onena D eredua da.

Oraindik oso txikia da, baina pixkanaka eskaini euskarazko DVDak, filmak, jolasak eta bestelakoak. Horrek asko lagunduko dio. Alde batetik, euskara entzun eta erabili ahal izango du beste iturri batzuen bidez; eta bestetik, euskara ekintza atsegin eta erakargarriekin lotuko du. Benetan, horrek garrantzi handia du.

Gero, eta ahal duzuen neurrian, saiatu eskolaz kanpoko jarduerak euskaraz eskaintzen: kirola, musika, aisialdia… Mota horretako jardueretan bizipen ugari izaten da, eta oso ona da horiek euskararekin lotzea. Gainera, jarduera horien dinamizatzaileak euskaraz hitz egingo dionez, euskararen erabilera landu ahal izango du.

Beraz, ez kezkatu, haurrak ondo ikasiko ditu bi hizkuntzak, beti euskaraz hitz egiten ez badiozue ere.

Ez izan beldurrik, ez du komunikatzeko inolako arazorik edukiko.

 


Leire Ortiz de Zarate Ezkerra
2014-11-14


Arratsalde on, Lehenengo eta behin buzoian jasotako informazioagatik eskerrak eman nahi dizkizuet, pozgarria da elebitasunaren inguruan izan dezakegun edozein zalantza argitzeko baliabide horiek daudela jakitea. 10 hilabeteko umea daukat, eta gogoratzen dudan euskara apurra hitz egiten saiatzen naiz (eskolan ikasi nuen); baina gaztelaniaz ere hitz egiten diot, denboraren %70 hain zuzen ere, gaztelania baita neure ama hizkuntza. Eskolan euskarazko ereduan ikastea nahi dugu. Aitak gaztelaniaz egiten dio eta nik euskara apur bat egiten diodanez, beldur naiz zuzen komunikatzeko azarorik izango ote duen, izan ere gure etxean gaztelania da nagusi. Esaten da gurasoetako batek %100ean euskaraz egiten badu eta besteak gaztelaniaz, umeak hizkuntza biak ikasiko dituela arazo barik; baina gurasoetako batek gehienetan gaztelania eta batzuetan euskaraz egiten badio edo euskaraz irakurri edota abesten badio, umearentzat onuragarria izango da? Edo nahastu baino ez da egingo? Eskerrik asko

Lehenengo eta behin eskatu nahi dizuegu hizkuntzaren gaia patxadaz hartzea. Egoerak eta pertsonak hizkuntzekin identifikatzen ditugu. Hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu eta egoeraren arabera edo aurrean dugun pertsonaren arabera bat edo beste hautatu.
Garrantzitsuena zuok semearekin ari zaretenean eroso egotea da, hortaz, euskaraz hitz egitea zuretzat neketsua bada, onena umearekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk identifikatzea da, hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsiko zarete.

Eskolan matrikulatzeko sasoia heltzen denean, zuon umeak euskara ondo egitea nahi baduzue eta elebiduna izatea nahi baduzue, zalantza barik aukeratu D eredua.

Oraindik txikia bada ere, DVDak, pelikulak, jostailuak eta bestelako euskarazko erreferenteak eskaintzea oso ondo dago. Horrek asko lagunduko dio. Batetik, euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera izango du, eta bestetik euskara gauza atsegin eta erakargarriekin lotuko du. Benetan garrantzia handia du horrek.

Bestalde, ahal duzun neurrian, hazten denean eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko ematen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake.

Beraz, ez kezkatu umeak bi hizkuntzak ondo ikasiko baititu, beti euskaraz egiten ez badiozue ere.

Hortaz ez izan beldurrik, ez baitu komunikatzeko arazorik izango.

eskerrik asko

 

Victoria
2014-10-24


Kaixo, egun on Victoria naiz eta umeentzako gauzei buruzko blog bat idazten dut. Argentinakoa naiz eta Lezaman bizi naiz eta euskara ez dakigun gurasoei laguntzeko informazioa jaso dugu etxean eta, ezin hobeto iruditu zaidanez, neure blogean post bat idatzi dut. Gustukoa izatea espero dut, hemen irakur dezakezue: www.fasionpuppyblog.blogspot.com.es

Batez ere, eskerrik asko materialagatik. Victoria

 

Veronica Galvez Cabezudo
2014-10-16


Kaixo, Testuak itzultzeko euskara-gaztelania/gaztelania-euskara itzultzailea bilatzen ari naiz Interneten, nire seme-alabei eskolako lanak egiten laguntzeko. Hainbat aukera daudela ikusi dut, batzuk deskargatzeko eta beste batzuk on-line kontsultatzeko; hortaz, ahal bada, ondo eta erraz erabil daitekeen itzultzailea gomendatzea nahiko nuke. Eskerrik asko

Kaixo Veronica

Sentitzen dugu jakinarazi behar izatea egun ez dagoela zuzen itzultzen duen itzultzaile automatikorik.

Tresnak atalean www.hiztegia.net esteka aurkituko duzu eta bertatik lagungarri izango zaizkizun hainbat hiztegi erabiltzeko aukera izango duzu.

 Ondo izan

Emagiltza.com

 

Juanjose Ponce Lopez
2014-10-01


Hiztegi on baten eta euskara-gaztelania itzultzaile baten berri izan. Eskerrik asko.

Kaixo, Juanjose

Tresnak atalean www.hiztegia.net esteka aurkituko duzu eta bertatik hainbat hiztegi erabiltzeko aukera izango duzu.

Gainera, jakinarazi nahi dizugu egun ez dagoela zuzen itzultzen duen itzultzaile automatikorik.

Ondo izan

Emagiltza.com

 

Jesus Benito Tejada
2014-02-21


Kaixo, Bikote euskaldun berria gara eta 4 hilabeteko umea daukagu. Euskaraz hitz egitea kostatu egiten zaigu, euskara ez baita gure ama hizkuntza eta igarri egiten da; baina umeak euskaraz ondo egitea nahi dugu. Suposatzen dugu onena biotako batek umeari euskaraz bakarrik egitea izango litzatekeela, baina guretzako hori oso zaila da. Hortaz jakin gurako genuke pertsona berak euskaraz eta gaztelaniaz hitz egin diezaiokeen edota pertsona bakoitza hizkuntza batekin identifikatu behar duen. Pertsona batek bi hizkuntza egiten badizkio, umeak biak nahastuko ditu eta ez du ez bata ez bestea ondo egingo? Eskerrik asko zuon arretagatik

Kaixo,
Lehenengo eta behin eskatu nahi dizuegu hizkuntzaren gaia patxadaz hartzea. Egoerak eta pertsonak hizkuntzekin identifikatzen ditugu. Hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu eta egoeraren arabera edo aurrean dugun pertsonaren arabera bat edo beste hautatu. Alabari beti euskaraz egiten badiozue, berak harreman hori euskararekin identifikatzea izaten da ohikoena, eta beraz, berak zuoi euskaraz egitea.
Garrantzitsuena zuok alabarekin ari zaretenean eroso egotea da, hortaz, beti euskaraz hitz egitea zuontzat zaila eta neketsua bada, onena umearekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk identifikatzea da, hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsiko zarete.
 
Eskolan matrikulatzeko sasoia heltzen denean, zuon umeak euskara ondo egitea nahi baduzue eta elebiduna izatea nahi baduzue, zalantza barik aukeratu D eredua. Beraz, ez kezkatu umeak bi hizkuntzak ondo ikasiko baititu, beti euskaraz egiten ez badiozue ere.

Oraindik txikia bada ere, DVDak, pelikulak, jostailuak eta bestelako euskarazko erreferenteak eskaini. Horrek asko lagunduko dio. Batetik, euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera izango du, eta bestetik euskara gauza atsegin eta erakargarriekin lotuko du. Benetan garrantzia handia du horrek. Bestalde, ahal duzun neurrian eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko ematen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake.

 

MARÍA
2014-02-01


Bilbotik idazten dizuet eta jasotako materiala Ku-ku izan da. Eskerrik asko horren azkar erantzuteagatik. Agur

Arratsalde on. Bilboko Udalaren Euskara Zerbitzuak kanpaina hau sustatzen du ume jaio berrien gurasoen artean eta aipatutako materiala bidaltzen du horien etxeetara. Ku-ku liburuxkaren paperezko aleren bat eskuratu nahi baduzue, Euskara Zerbitzura hurbildu zaitezkete eta bertan esango dizuete zelan lortu. Hala ere, gure www.emangiltza.com webgunearen tresnak atalean ere kontsultatzeko aukera dago. Ondo izan

 

MARÍA
2014-01-31


Eskuartean daukat gurasoek bere seme-alabekin euskaraz hitz egin dezaten prestatu duzuen materiala. Itaka Escolapios Fundazioaren Beregain programan egiten dut lan. Programa honek gizarteak baztertzeko arriskuan dauden amen integrazioa du helburu. Etorri berriak diren emakume asko daude eta ikastolak eskatzen die modu batean edo bestean euren seme-alabekiko harremanetan euskara sustatzeko. Uste dugu zuon materiala aproposa dela ama hauek motibatzeko. Nola lor dezakegu ale gehiago ama bakoitzak berea erabiltzeko seme-alabekin? Eskerrik asko.

Egun on, María. Jakin gura genuke zein den jaso duzuen materiala eta zein udalerritik idazten duzun. Izan ere, materiala kanpainan parte hartu duen udalerri bakoitzaren Euskara Zerbitzuak kudeatzen du. Eskerrik asko

 

SUSANA
2013-12-27


Egun on! Nire zalantza hurrengoa da. Daukagu alaba bat eta berarekin nik (ama) jaio zenetik euskeraz hitz egiten dut eta bere aitak gazteleraz, orain umeak lau urte egingo ditu eta bi urte zituenetik hitz egiten du oso ondo baina beti gazteleraz, nahiz eta orain esaldi motzak hasi euskeraz esaten beti gazteleraz egiten du baita nirekin ere, niri gustatuko litzaidake nirekin euskaraz egitea, eta batzutan 'behartzen' dut (beno niri laguntzen dudala iruditzen zait)nirekin euskeraz egitera baina umeak esaten du ez dakiela, nik ikusten dut asko kostatzen zaiola, baina askotan euskeraz dakizkion gauzak ere gasteleraz esaten du. Nik itsultzen dut berak erantzuten didana ikasteko euskeraz zelan esaten den, nere bikotea beti dago esaten ez agobiatzeko umea, egingo duela euskeraz prest dagoenean baina nik uste dut kostatzen ba zaio lagundu behar dudala errepikatzen gauzak ondo ikasteko, ez dakit nere jarrera kaltegarria izan daiteken, beraz zuen iritzia gustatuko litzadake jakin. Ni beti nago euskarazko gauzak bilatzen pelikulak, marrazki bizidunak, jokuak... baina bere inguru gehiena gaszeleraz da. D ereduan ikasten du. Eskerrik asko!

Kaixo Susana!

Haur baten jokabidearen atzean arrazoi asko egon daitezke, eta batzuetan ez da erraza ulertzea zergatik jokatzen duen horrela. Baina lehenengo gomendioa hauxe da: hizkuntzaren gaia patxadaz hartu eta ez gehiegi nekatu. Egoerak eta pertsonak hizkuntzekin identifikatzen ditugu. Hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu eta egoeraren arabera edo aurrean dugun pertsonaren arabera bat edo beste hautatu. Alabari beti euskaraz egiten badiozu, berak harreman hori euskararekin identifikatzea izaten da ohikoena, eta beraz, berak zuri euskaraz egitea. Orain horrela ez badu egiten, denborarekin horretara iritsi daiteke. Kontuan izan bere testuinguruan gaztelaniak indar handia duela: etxean leku handia du (aitaren hizkuntza, aiton-amonena…) eta zer esanik ez kalean eta beste hainbat egoeretan. Beraz, bere ingurua gaztelaniaz bizi dela iruditzen bazaio, agian horrek eramaten du bera ere gaztelaniaz bizi “nahi” izatera. Ez hartu gaizki jokabide hori eta patxadaz jokatu. Beti euskaraz egiten badiozu, horretan jarraitu. Tarteka gauza batzuk zuri euskaraz esaten hasten bada, errefortzu positiboak eman: zoriondu, animatu… Konturatu dadila zuretzat zein garrantzitsua den zuri euskaraz egitea. Afektiboki eragina duela ikusten badu gero eta gehiagotan ahalegindu daiteke. Adibidez: asko gustatzen zaio eskulanak egitea. Eskulan berri bat ekarri dugu etxera eta gure laguntza behar du hori egiten ikasteko. Hor tratu bat egin dezakegu: “Nik lagunduko dizut eta oso ondo pasako dugu, baina tartetxo honetan euskaraz egingo dugu? Animatzen zara? Ados?” Jolas moduan aurkeztu. Une horretan ereduak eman, errepikatzera gonbidatu, gustuko abestiak abestu… Lortzen badut niri gauza batzuk euskaraz esatea, errefortzu positiboak eman. Modu horretako tarteak eta egoerak bilatu. Hau da: helburu txikiak lortu. Helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsi zaitezke. Patxadaz egin eta lortzen ez duzunari baino lortzen duzunari begiratu. Eta helburu txikiak lortzean errefortzu positiboak eman. Ziur aldaketak ikusiko dituzula! Gainontzean, eguneroko ohiko harremanetan, konstantea izan baina lasaitasunez jokatu. Zuk beti euskaraz egiten badiozu, horretan jarraitu. Ez behartu zuri euskaraz egitera. Nahi baduzu, berak erdaraz esandakoa batzuetan zuk euskaraz errepikatu, baina ez moztu behin eta berriz elkarrizketak hori egiteagatik. Horrek eragin negatiboa izan dezake zuen arteko komunikazioan eta harremanean. Hori bai, jarraitu DVDak, pelikulak, jostailuak eta bestelako erreferenteak eskaintzen. Horrek asko lagunduko dio. Batetik, euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera izango du, eta bestetik euskara gauza atsegin eta erakargarriekin lotuko du. Benetan garrantzia handia du horrek.

Bestalde, ahal duzun neurrian eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko ematen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake.

Espero dugu ideia hauetako batzuk lagungarriak izatea!

 

NAHIA
2013-10-16


Kaixo. Jakin nahiko nuke zelan lor dezakedan Ku-ku jatorrizko gida. 23 hilabeteko umetxoa daukagu eta eskertuko genizueke honi buruzko informazioa ematea.

Arratsalde on, Nahia.

Zein udalerritan bizi zara? Galdera hau egiten dizugu gida bera Bizkaiko zenbait udalerrik banatzen duelako eta hauetako bat edo baten bizi bazara zure Udaleko Euskara Zerbitzuan eska dezakezu. www.emangiltza.com webguneko tresnak atalean (ku-ku 2013.pdf) Ku-ku liburutxoa kontsulta dezakezu eta azken orrialdean ikusi ahal izango duzu ea zure udalerriak kanpainan parte hartu duen. Agur

 

ROSANA
2013-10-16


Kaixo! Webgune hau aurkitu nuen hasi berri dudan misio bati esker. Txilen bizi naiz, Hego Amerikan. Orain dela urte batzuk nire aitonari (zendu dena jada) hitzeman nion gure familiak euskaraz hitz egingo zuela berriro ere. Zail samarra izan da hori orain arte, ordea. Nire nebak eta biok 22 eta 24 urte ditugu, hurrenez hurren. Euskara ikasten hasi nahi dugu gure aitona ondratu nahian. Zuen ustetan zelan egin diezaiokegu aurre erronka honi? Izan ere, pertsona helduak garen aldetik euskara ikastea gehiago kostatuko zaigula uste dut. Ez dakigu zein izan daitekeen modurik egokiena. Alde batetik, YouTuben dauden haurrentzako bideoak, abestiak eta jolasak balia ditzakegu, entretenigarriagoak baitira hauek eta ikaskuntza erraztuko lukete. Beste alde batetik, ikastaro formal batean har dezakegu parte, liburu eta irakasleekin. Hala ere, gure hirian horrelako ikastarorik ematen ez denez, oso zaila izango litzateke azken aukera hau. Zelan ikas dezakegu euskara pertsona helduak izanda? Zelan ikasi euskaraz hitz egiten ez bagara euskaraz inguraturik bizi, ez badaukagu aukerarik euskal hiztunekin bizitzeko eta berba egiteko? Ikasi ahal izango dugu ala alferreko lana izango da? Esadazue zer uste duzuen, mesedez. Eskerrik asko aldez aurretik. Roxana Aedo.

Arratsalde on, Roxana.

Euskara online ikasteko www.hiru.com webgunea gomendatu nahi dizugu. Bai Santiagon (www.euzkoetxeachile.cl) baita Viña del Marren ere (www.euskoetxea.cl) Euskal Etxe bana aurkituko duzu, oso lagungarriak izan daitezkeenak zure helburua lortze aldera.

Ondo izan

 

ADELA
2013-10-11


Zeren araberakoa da udalerri batek Eman Giltza! kanpainan parte hartzea ala ez? Zergatik Barakaldo ez dago kanpainaren barne?

Arratsalde on, Adela.

Udalerriek eurek erabakitzen dute Eman Giltza! kanpainan parte hartu nahi duten ala ez. Hala eta guztiz ere, animatu zaitez webgunea erabiltzen, bertan zure seme-alabei euskara transmititu ahal izateko baliabideak eta tresnak aurkituko baitituzu. Agur

 

ANTONIA
2013-01-16


18 hilabeteko semearekin bi hizkuntzatan hitz egiten dut, baina euskaraz dudan maila ez da oso altua, euskaltegiko 5.urratsaren parekidea da. Hori dela eta, ez dakit gazteleraz soilik hitz egitea aukera hobea den ala orain arteko bidean sakondu behar dudan. Nire senarrak gazteleraz hitz egiten dio, eta haurtzaindegian euskaraz. Eskerrik asko

Antonia agurgarria,

Oinarrizko jakintza izan arren, euskaraz hitz egitea gomendatzen dizugu. Izan ere, komunikazioa oztopatzen ez duen bitartean dakizuna erabiltzea onuragarria da. Honen harira webgunean bertan, gaztelerazko bertsioan, ondoko loturan duzun edukia gomendatzen dizugu Consejos>Dudas frecuentes. Atal honetan zure zalantzak argitzeko lagungarriak suertatu ahal zaizkizun tresna eta urratsak dituzu.

Erantzuna baliagarria zaizulakoan jaso ezazu agur bero bat

 

MERTXE
2012-05-30


Egun on, Gure umea B ereduko ikastetxean dabil. Egia esateko ia D eredua da (irakurmena eta idazmena euskaraz egiten dute). Horrez gain, Zuiako (Murgia) Udaleko zinegotzia naiz. Guraso talde batek eta Udalak ikastetxea D eredukoa izatea nahi dugu. Horretarako, Udal arduradunak, Eskola Kontseiluko gurasok eta eskolako arduradunak batuko gara zer egin dezakegun ikusteko. Ikastetxea ere aldaketaren alde dago, arazoa guraso batzuk izango dira, uste dugu ez dela gehiengoa izango. Horren inguruko txostenik edo gurasoak konbentzitzeko zerbait non aurki dezakedan galdetzeko idazten dizuet. Eskerrik asko

Egun on, Mertxe

Guk ez daukagu horrelako txostenik baina Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailera jotzen baduzu, bertan D ereduaren inguruko txostenak eta bestelakoak emango dizkizute.

Gure web gunean tresnak atalean, D bitamina. Aberastu bere heziketa! izeneko kanpainaren inguruko informazioa aurkituko duzu. Euskara zerbitzuek egitasmo hori garatzen dute D ereduak haurraren heziketari balio erantsia ematen diola adierazteko eta gurasoak euren seme-alabak D ereduan matrikulatzera animatzeko. Beharbada, zuen ikastetxeko gurasoei ere erakutsi ahal diezue Bizkaiko hainbat udalerritako gurasoei bidaltzen zaien gutun eta diptikoa.

 

OLGA
2012-05-03


Arratsalde on. Bi urteko alaba daukat eta bere hizkuntza euskara izatea nahi dut, baina nire euskara maila oso baxua da eta hobetu egin gura dut. Horretarako daukadan arazo nagusiena denbora falta da (umea, lana...). Badago eguneroko bizimoduarekin bateragarria den irakaskuntza sistemaren bat? Eskerrik asko

Egun on, Olga. Euskaltegiek euskara Internet bidez ikasteko multimedia sistema eskaintzen dute eta zuretzat aurrez aurreko eskolak baino erosoagoa izan daiteke. Gainera, euskaltegi batzuetan gurasoentzat talde bereziak ere egoten dira. Dena den, zure udalerriko euskara zerbitzura hurbiltzea gomendatzen dizugu bertan eskaintzen dituzten zerbitzuen berri emango dizute eta. Bestela zure etxetik hurbilen dagoen euskaltegira ere hurbil zaitezke eta bertan zure beharrizanen araberako euskara ikasteko talde edota metodologiaren inguruko informazioa emango dizute. Besterik behar baduzu jar zaitez gurekin harremanetan. Ondo izan

 

MARIJO
2012-02-15


Egun on. Nire izena Marijo da eta haurdun nago. Umeak euskaraz hezteko duzuen materiala eskuratu nahiko nuke. Liburu edota CDren bat duzuela ikusi dut... Zer egin behar dut eskuratzeko? Horrez gain, badaukazue material gehiago eskuratzeko dokumentazio zentrorik edota materiala lortzeko aholkurik (umeentzako hiztegia, euskarazko musika, jokoak...)? Mila esker.

Egun on, Marijo. Bilboko Udaleko Euskara Zerbitzuak adierazi digu aipatzen dituzun liburuxka eta CDa (KU-KU) zeure etxean jasoko dituzula umea jaio osteko asteetan. Dena den, zuretzat interesgarria izan daitekeen material gehiago ere badutela esan digute eta zure helbidea ematen badiguzu etxean jasoko duzu. Eskerrik asko zure interesagatik. Ondo izan

 

LEIRE
2012-01-26


Bilboko hainbat ikastetxe pribatutan begiratu dugu eta gehienak A eta B eredua baino ez dute eskaintzen eta oso gutxik D eredua. Ez dakit aukerarik izango duzuen D eredua eskaintzen duten Bilboko edota inguruetako ikastetxeen zerrendaren bat bidaltzeko. Eskerrik asko.

Egun on, Leire

Sartu zaitez www.bilbao.net helbidean, beheko aldean ezkerraldean ageri den Clik batetara izeneko atalean “Hezkuntza Bilbon barrutiz barruti” sakatu eta bertan ikastetxeei buruzko informazio guztia aurkituko duzu, argazkiak barne. Udaleko Hezkuntza sailak jakinarazi digu informazio hori iazkoa dela baina ez dagoela aldaketa nabarmenik.

Beste barik,

Ondo izan

 

IÑAKI
2012-01-24


Kaixo, Aurten bi urte egingo duen alaba dut. Bilbon, Indautxu barrutian bizi gara. D ereduan matrikulatu nahi dugu gure alaba, baina ez gaude ziur non. Badakizue Indautxu inguruan ze zentroak duten D eredua? Zentroetan sartzeko baldintzak jakin nahi nituzke. Eskerrik asko

Egun on, Iñaki:
Indautxu aldeko barrutian ondorengoak dira D eredua eskaintzen duten ikastetxeak, azken orduko aldaketarik egon ez bada:

    FELIX SERRANO herri ikastetxea / Manuel Allende, 28 Tf.: 944211940
    SANCHEZ MARCOS herri ikastetxea / General Concha, 18 Tf.: 944218573
    KARMENGO ikastola / Simon Bolivar, 4 Tf.: 944444887
    IPARRAGIRRE eskolaurrea / Iparragire, 58 Tf.: 944434888
    JESUITAK ikastetxea / Dr. Areilza, 32 Tf.: 944271818

Beste barik, ondo izan

 

MARÍA BEATRIZ
2011-10-26


Lau partaideko familia gara: aita, ama eta 5 eta 9 urteko bi ume. Gurasoen ama-hizkuntza gaztelania da. Umeak elebidunak dira (haurtzaindegitik). Nik, amak, euskara maila onargarria daukat eta gainera Zamudioko eskoletan AEK-k ematen dituen euskara eskoletan parte hartzen dut, astelehenetik ostiralera ordu eta erdi egunero. Gainera, orain arte, eskolako lanak egiten ere laguntzen diet. "Arazoa" honakoa da: umeei beti euskaraz egiten ahalegindu arren, beraiek beti gaztelaniaz erantzuten dute, berdin da zein den gaia edo/eta zailtasuna; beraiek beraien artean edota lagun euskaldunekin beti gaztelaniaz egiten dute. Nola lor dezaket beti euskaraz hitz egitea normaltasunez? hainbat modutara ahalegindu naiz; beraiei beti euskaraz hitz egin, telebista ere euskaraz jarri, haserre egin... baina dagoeneko ez daukat baliabiderik. Ea laguntza apur batekin lortzen dudan: beraiek guk nahi izan genuen eta izan ez genuen aukera daukate. Eskerrik asko aldez aurretik eta aurrera!

Kaixo Maria,

Ideia batzuk eman ahal izateko, uste dut, ezinbestekoa dela zure umeen jokabidea ulertzea, eta hortik aurrera euskara erabiltzen laguntzeko bideak bilatzea.

Gure ikuspuntutik adierazten diguzun egoera arrunta da: normala da beraiek gaztelaniaz erantzutea, arrunta da euren artean gaztelaniaz hitz egitea eta baita lagunen artean ere gaztelaniaz aritzea ere.

Zergatik?

Batetik, bai umeek zein helduok pertsonak eta egoerak hizkuntzarekin identifikatzen ditugu. Egoera jakin bat hizkuntza batekin lotzen badut, normalean hizkuntza horretan hitz egingo dut jakin barik egoera horretan parte hartzen duten gainontzeko lagunek beste hizkuntzarik dakiten. Kasu honetan zu gaztelaniarekin identifikatzen zaituztenez (ama-hizkuntza, etxeko hizkuntza...), gaztelaniaz hitz egiten dizute. Beraientzat ez da batere erraza euskaraz erantzutea zu horrela egiten diezuenean.

Bestalde, umeek hizkuntzak berezko arrazoiengatik aukeratzen dituzte. Hau da, egoera jakin batean eurentzat erabilgarriagoa den hizkuntza aukeratzen dute. Arruntena, euren ama hizkuntza erabilita erraztasun eta baliabide gehiago edukitzea izaten da, horregatik normala izaten da neba-arreben artean hizkuntza hori erabiltzea (ama-hizkuntza da, etxeko hizkuntza...), baita lagun artean ere (lagun batzuentzat gaztelania etxeko hizkuntza bada).

Zer egin dezakegu euren harremanetan euskara gehiago erabiltzeko?

1.Zurekin duten harremanean
Umeekin euskara erabiltzen jarraitzeko aholkatuko genizuke, euskaraz hitz egiten entzuten ohitzeko, onena dakizun euskara edonoiz erabili beharrean une jakin batzuetan beti erabiltzea da. Adibidez: goizero altxatzen direnetik eskolara edo autobusera heldu arte. Horrelako egoeretan, gehienetan, elkarrizketak oso antzekoak izaten dira eta beti euskaraz izateko ahalegina egin dezakegu. Apurka-apurka gero eta horrelako egoera gehiago izango ditugu.

Hori bai, ez genieke eskatuko euskaraz egiten dugunean beraiek ere euskaraz erantzutea, gaztelaniaz erantzuten utziko genieke (beraiek hizkuntza horrekin identifikatzen gaituztelako). Aukera asko daukagu noizean behin zerbait euskaraz esaten hasteko, eta egoera horiek erabil ditzakezu mezu positiboak emateko: euren esfortzua txalotu, zuretzat eurek zurekin euskaraz egitea zein garrantzitsua den azpimarratu...

2.Neba-arreben arteko harremanean:
Ez da erraza beraien arteko harremanean euskara erabiltzea etxeko hizkuntza gaztelania bada. Hala ere, egoera batzuetan erabiltzea lor dezakegu eta ikus dezatela guretzat oso garrantzitsua dela euren artean euskara erabiltzea. Adibidez, guk ere parte hartzen dugun egoeretan erabiltzeko proposamena egin dezakegu, eskulana edota edozelako joko bat egingo badugu, ekintza hori euskaraz izatea proposa genezake. Beraiek ados egotea lortu behar dugu eta geuk ere parte hartzen dugunez, euskara erabiltzen lagunduko diegu: gaztelaniara jotzen badute adostutakoa gogorarazi eta aldeko jarrera sustatu (euren ahalegina kontuan hartu, pozik gaudela ikus dezatela...). Horrelako egoeretan euskara erraz erabiltzea lortzen badugu, beste jarduera batzuetan ere erabiltzea errazagoa izango da (eta behar bada, gu aurrean egon barik).

3.Lagunen arteko harremanean
Lagunen artean euskararen erabilera sustatzeko eskolaz kanpoko ekintzak oso garrantzitsuak dira: oso garrantzitsua da eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz izatea (kirola, musika, antzerkia...). Horrelako ekintzetan dinamizatzailea egoten da eta berak euskararen erabilera bultza dezake. Gainera, euskara eskolaz kanpoko jarduerekin lotzea lortzen dugu.

Zure zalantzak argitzea espero dugu, eta ea ideia horiek baliagarriak zaizkizun

Ondo izan

 

MARI CARMEN
2011-10-26


Kaixo, MªCarmen naiz eta elorriotik idazten dut. Lehenego eta behin eskerrak eta zorionak egin duzuen lanagatik. Nire egoera aurkeztuko dizuet: euskera ikasten hari diren hiru gazteekin nago. 13 eta19 urte bitartekoak. Denak atzerritarrak eta euskeraz ikasteko gogo askorekin. Momentu arte lortu dudan materiala gazteentzat edo oso helduentzat da. Erakargarria eta dibertigarria izan daitekeern materialik ba al duzue? Momentu eurekin euskararen erabilpena (betez ere ahozkoa) lantze hari gara, ortografian eta gramatikan sartu barik. lagundu ahal didazue.? Eskerrik asko

Kaixo Mª Carmen:

Euskaltegietan aspaldi erabiltzen ari dira AISA izeneko materiala, bereziki etorkinentzat prestatutakoa. Ahozkoa lantzeaz gain, beste gaitasunak ere lantzen dira bertan, baina zuk nahi duzuna aukeratu ahal izango duzu, baliozkoak zaizkizun ariketak/ekintzak baino ez eginez. Aipatutako materiala honako web orrian duzu erabilgarri:

http://www.ikasbil.net

Badaezpada lotura ezin duzun zabaldu hona hemen bertara heltzeko urratsak:

Ikasbil.net-en sartu, sakatu goian, beltzez dagoen lerroan, BALIABIDEAK, ESKULIBURUAK gainean sakatu eta XEDE BEREZIETARAKOAK sakatu eta hor lehena AISA izango da. Bertan materiala izango duzu erabilgarri.

Azkenik, eskumaldean goian Bilatzailea jartzen duen bigarren zatian AISA ipini eta informazioa aterako zaizu.

Horrez gain, interesgarria izan ahal zaizue www.hiru.com/e-ikasi web gunean dagoen euskara ikasteko ikastaroa.

Beste barik, espero dut bidalitakoa baliagarria izatea.

Ondo izan

 

XABIER
2011-10-17


Zelan esaten da: jolastuko duzu nigaz? edo Jolastuko zara nigaz? Eskerrik asko

Kaixo Xabier:

Jende askok jolastu du esaten duen arren, Euskaltzaindiak aspaldi arautu zuen jolastu aditza da sailekoa dela. Beraz, jolastuko zara nigaz? da egitura zuzena, batik bat, dibertimendurako ekintzak aipatzen ditugunean.

Mila esker parte-hartzeagatik

Ondo izan

 

MIGUEL
2011-07-04


Non aurki dezaket esaldi osoak gaztelaniatik euskarara itzultzeko web orri fidagarri bat? Aurkitu ditudan guztiak ez didate emaitza onik eman. Eskerrik asko.

Momentuz Interneten ez dago web gunerik edota programarik gaztelaniatik euskarara itzulpen fidagarririk egiten duenik. Zuk ondo diozunez, egun dauden aplikazio edo web guneak akats asko dituzte. Gaztelaniatik euskarara esaldiak itzultzeko beharrizana baduzu, zeure udalerriko euskara zerbitzura jo dezakezu, bertan horrelako doako zerbitzurik eskaintzen duten adieraziko dizute, izan ere udal batzuek horrelako eskaintza dute.

Agur bero bat

 

MARIA
2011-06-21


Etxean hitz egiten dugu semearekin euskaraz, hiru urte dauzka, eta noizean behin ez dakigu nola egin erdaldunekin, mutilari erdaraz hitz egiten diotenean guk itzulpena egiten dugu, ondo dago?, edo erdaraz beste pertsona bat erdalduna bada.

Etxean hitz egiten dugu semearekin euskaraz, hiru urte dauzka, eta noizean behin ez dakigu nola egin erdaldunekin, mutilari erdaraz hitz egiten diotenean guk itzulpena egiten dugu, ondo dago?, edo erdaraz beste pertsona bat erdalduna bada.

Umeari zerbait gaztelaniaz esaten badiote eta ez badu ulertzen, ondo ikusten dugu itzulpena egitea. Baina, lasai, laster hasiko da ulertzen eta erabiltzen. Gaztelania entzuteko eta erabiltzeko aukera asko izango ditu (kalea, telebista…) eta berehala hasiko da hizkuntza hori ere ulertzen.

Beste kontu bat da semeari gaztelaniaz egitearena erdaldunak tartean daudenean. Hemen bi egoera ezberdin aurki ditzakegu:

    Hiruron arteko elkarrizketa bat denean: hirurok dakigun hizkuntzan egin beharko dugu. Hau da, elkarrizketa hirurok ulertzea beharrezkoa da hiruron artekoa delako, beraz, batek euskaraz ez badaki eta guk gaztelaniaz baldin badakigu, ez daukagu beste aukerarik.
    Semeari/alabari zerbait esaten diogunean euskaraz ez dakien pertsona baten aurrean: kasu honetan, zalantzarik gabe, euskaraz egin.
    Hori da gure arteko hizkuntza. Beste pertsona jabetuko da gure artean euskaraz egiten dugula. Espero dut erantzunak zure kezka argitzeko balioko duela.

 

IRATXE
2011-06-21


Nola dago ondo esanda? - Orain ere txarrakeriak egiten. - Orain be txarrakerietan - Orain ere txarrak egiten.

“Labayruko hiztegian ‘txarkeria’ hitza onartuta dago bizkaierako aldaera bezala.
Beraz, esamolde egokiak honakoak lirateke:

  •     Orain be txarkeriak egiten (biz) / Orain ere bihurrikeriak egiten (batua)
        Orain be txarkerietan (biz) / Orain ere bihurrikerietan (batua)
        Orain be txar egiten (biz) / Orain ere oker egiten (batua)