HIZKUNTZAREKIN JOLASTEKO PROPOSAMENAK

JOLASAK txIpuin kontalariak

Seme-alabei txikitatik ipuinak kontatzeko ohitura hartzea oso ona da: irudimena, hiztegia eta ahozkotasuna lantzeaz gain, ondo pasatzen dugu. Ipuinekin, gainera, hainbat modutara jolas  dezakegu:

  • - Ipuinak asmatzea (edo txikitan ikasi genituenak kontatzea).
    - Beraiekin liburutegira joatea, liburuak elkarrekin aukeratzea, liburutegian edo eta etxean kontatzea...
    - Liburuarekin jolastea:  kontatu aurretik azaleko marrazkia ikusita bion artean ipuina asmatzea , liburuko marrazkiak ikustea eta marrazkiak jarraituz bion artean ipuina asmatzea, ondoren irakurtzea...
Irakurzaletasuna

Irakurzaletasuna sustatzea aproposa da hizkuntza-aberastasunera begira. Baliabide asko gara ditzakete bide horretatik.

Irakurzaletasuna sustatzeko abiapuntu egokia da:

  • - Txikitatik ipuinak kontatzeko eta liburutegira joateko ohitura hartzea.
    - Irakurtzen hasten direnean irakurgai egokiak eta gustukoak eskaintzea.
    - Eredu izatea:  gurasook irakurtzeko ohitura badugu, errazagoa izango  da seme-alabek ohitura hori barneratzea.

Abestiekin jolastea eta bertsozaletasuna

Abesti bera modu ezberdinetara abes dezakegu: haserre, barrez, negarrez, mantso, azkar, tonu oso baxuan, garrasika... Oso dibertigarria izaten da eta hizkuntzarekin jolasteko abiapuntu ona da. Edozein abestirekin egin daiteke. Adibidez:

Harri koskor batekin, hor dabil Martin-tin-tin

jotzen ditu kax-kax-kax, bata bestearekin

bata bestearekin jotzen ditu kax-kax-kax

harri koxkor batekin, hor dabil Martin-tin-tin

Musikarekin jolasteaz gain, letrarekin ere jolas dezakegu: bertsioak asmatu, letra berria jarri… Hor bete-betean ariko gara hizkuntzarekin jolasten.

Abestiekin jolasean jaioberritatik (baita aurretik ere) has gaitezke. Hizkuntzak erabiltzen hasten diren neurrian, beraiek ere abestuz parte har dezakete.

Bertsozaletasuna sustatzea izan daiteke hurrengo urratsa. Bertsolaritza hizkuntzarekin jolasteko modu bat da eta etengabe euskara hobetzeko eta aberasteko bide eraginkorra. Gainera,  bertsolaritzaren inguruko harreman sareak euskaldunak izaten dira eta gaur egun erreferente asko eta indartsuak eskaintzen ditu, baita gazteentzat ere.

Sinonimoak

Gauzak beti modu berean esan beharrean, hiru-lau modutara esatea. Eta batzuetan jarraian. Jolastu hauekin, gustuko badituzu beste hainbat ere aurkituko dituzu:

 Poza adierazteko  Alai, pozik, gustura, ondo, kontentu...
 Ondo egin duela esateko  Ederto, itzel, bikain, primeran, majo, oso ondo, ederki, elegante, mundial…
 Harridura adierazteko  Harrituta, txundituta, aho zabalik, miretsita, zurtz eginda…
 Nekea adierazteko  Nekatuta, jota, nekaporratuta, porru eginda, leher eginda, lur jota, sats eginda…
 Gosea adierazteko  Gosetuta, tripa zorriekin, sabel-zorriekin, apetituarekin...