LAGUNARTEAN ERABILTZEN DUEN EUSKARA OSO TRAKETSA DA

INGG0793Seme-alabek lagunartean hizkera traketsa erabiltzen dutela iruditzen zaio hainbat gurasori. Horrelako kasuetan, bi egoera bereiz daitezke:

  • - Euskara eta gaztelania erabiltzea eta nahastea elkarrizketetan.
    - Euskaraz aritzea baina egoera informaletako hainbat esamolde gaztelaniatik hartzea.

Euskarazko elkarrizketetan gaztelaniari lekua egitea oso ohikoa da, baita helduen artean ere: elkarrizketaren zati batzuk euskaraz izatea eta beste batzuk gaztelaniaz. Seme-alabek helduengandik ikasi ohi dituzte jokabide horiek.

Bigarren kasua, aldiz, gazteen hizkera informalari dagokiona da: orain 15-20 urteko hizkerak ez die balio eta agian gaur egun euskarak berak eskaini ditzakeen baliabideak ez dituzte eskura.

Egoera ulergarria da, eta, horren aurrean, gurasoen jokabideak hauek izan daitezke:

  • - Norberaren portaerak zaintzen hastea: euskaraz ari garenean gaztelania ez tartekatzea, gure hizkera aberasten saiatzea…
    - Ahalik eta hizkera aberatsena eskaintzea: euskararekin jolastea (lehengo eta oraingo hizkerarekin, abestiekin...), eredu egokiak eta erreferenteak eskaintzea, euskararekiko eta hizkuntzekiko kuriositatea sustatzea...
Bide horretatik seme-alabei bi baliabide mota ematen dizkiegu:
  • - Euskara egoera komunikatibo ezberdinetan erabiltzeko baliabideak ematea, eta, horrekin batera, hainbat esamolde gaztelaniatik hartzen badituzte gutxienez horretan ari direla jabetzea.
    - Euskara hobetzeko eta berritzeko baliabideak ematea: hizkuntzekiko zaletasuna baldin badute eta euskararekin jolasten baldin badakite, hainbat egoera komunikatibotan sortzen zaizkien beharrak euskaratik asetzeko modua izan dezakete euskarak lehendik dituen baliabideak bilatuz (euskalkiak, hitanoa...) edo berriak sortuz.