Arratsalde on, Lehenengo eta behin buzoian jasotako informazioagatik eskerrak eman nahi dizkizuet, pozgarria da elebitasunaren inguruan izan dezakegun edozein zalantza argitzeko baliabide horiek daudela jakitea. 10 hilabeteko umea daukat, eta gogoratzen dudan euskara apurra hitz egiten saiatzen naiz (eskolan ikasi nuen); baina gaztelaniaz ere hitz egiten diot, denboraren %70 hain zuzen ere, gaztelania baita neure ama hizkuntza. Eskolan euskarazko ereduan ikastea nahi dugu. Aitak gaztelaniaz egiten dio eta nik euskara apur bat egiten diodanez, beldur naiz zuzen komunikatzeko azarorik izango ote duen, izan ere gure etxean gaztelania da nagusi. Esaten da gurasoetako batek %100ean euskaraz egiten badu eta besteak gaztelaniaz, umeak hizkuntza biak ikasiko dituela arazo barik; baina gurasoetako batek gehienetan gaztelania eta batzuetan euskaraz egiten badio edo euskaraz irakurri edota abesten badio, umearentzat onuragarria izango da?
Edo nahastu baino ez da egingo?
Eskerrik asko
Lehenengo eta behin eskatu nahi dizuegu hizkuntzaren gaia patxadaz hartzea. Egoerak eta pertsonak hizkuntzekin identifikatzen ditugu. Hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu eta egoeraren arabera edo aurrean dugun pertsonaren arabera bat edo beste hautatu.
Garrantzitsuena zuok semearekin ari zaretenean eroso egotea da, hortaz, euskaraz hitz egitea zuretzat neketsua bada, onena umearekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk identifikatzea da, hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsiko zarete.
Eskolan matrikulatzeko sasoia heltzen denean, zuon umeak euskara ondo egitea nahi baduzue eta elebiduna izatea nahi baduzue, zalantza barik aukeratu D eredua.
Oraindik txikia bada ere, DVDak, pelikulak, jostailuak eta bestelako euskarazko erreferenteak eskaintzea oso ondo dago. Horrek asko lagunduko dio. Batetik, euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera izango du, eta bestetik euskara gauza atsegin eta erakargarriekin lotuko du. Benetan garrantzia handia du horrek.
Bestalde, ahal duzun neurrian, hazten denean eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko ematen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake.
Beraz, ez kezkatu umeak bi hizkuntzak ondo ikasiko baititu, beti euskaraz egiten ez badiozue ere.
Hortaz ez izan beldurrik, ez baitu komunikatzeko arazorik izango.
Eskerrik asko