Nik euskeraz egin eta beraiek erdaraz erantzun…

Maria beatriz

Lau partaideko familia gara: aita, ama eta 5 eta 9 urteko bi ume. Gurasoen ama-hizkuntza gaztelania da. Umeak elebidunak dira (haurtzaindegitik). Nik, amak, euskara maila onargarria daukat eta gainera Zamudioko eskoletan AEK-k ematen dituen euskara eskoletan parte hartzen dut, astelehenetik ostiralera ordu eta erdi egunero. Gainera, orain arte, eskolako lanak egiten ere laguntzen diet. ‘Arazoa’ honakoa da: umeei beti euskaraz egiten ahalegindu arren, beraiek beti gaztelaniaz erantzuten dute, berdin da zein den gaia edo/eta zailtasuna; beraiek beraien artean edota lagun euskaldunekin beti gaztelaniaz egiten dute. Nola lor dezaket beti euskaraz hitz egitea normaltasunez? hainbat modutara ahalegindu naiz; beraiei beti euskaraz hitz egin, telebista ere euskaraz jarri, haserre egin… baina dagoeneko ez daukat baliabiderik. Ea laguntza apur batekin lortzen dudan: beraiek guk nahi izan genuen eta izan ez genuen aukera daukate.

Eskerrik asko aldez aurretik eta aurrera!


Kaixo Maria,

Ideia batzuk eman ahal izateko, uste dut, ezinbestekoa dela zure umeen jokabidea ulertzea, eta hortik aurrera euskara erabiltzen laguntzeko bideak bilatzea.

Gure ikuspuntutik adierazten diguzun egoera arrunta da: normala da beraiek gaztelaniaz erantzutea, arrunta da euren artean gaztelaniaz hitz egitea eta baita lagunen artean ere gaztelaniaz aritzea ere.

Zergatik?

Batetik, bai umeek zein helduok pertsonak eta egoerak hizkuntzarekin identifikatzen ditugu. Egoera jakin bat hizkuntza batekin lotzen badut, normalean hizkuntza horretan hitz egingo dut jakin barik egoera horretan parte hartzen duten gainontzeko lagunek beste hizkuntzarik dakiten. Kasu honetan zu gaztelaniarekin identifikatzen zaituztenez (ama-hizkuntza, etxeko hizkuntza…), gaztelaniaz hitz egiten dizute. Beraientzat ez da batere erraza euskaraz erantzutea zu horrela egiten diezuenean.

Bestalde, umeek hizkuntzak berezko arrazoiengatik aukeratzen dituzte. Hau da, egoera jakin batean eurentzat erabilgarriagoa den hizkuntza aukeratzen dute. Arruntena, euren ama hizkuntza erabilita erraztasun eta baliabide gehiago edukitzea izaten da, horregatik normala izaten da neba-arreben artean hizkuntza hori erabiltzea (ama-hizkuntza da, etxeko hizkuntza…), baita lagun artean ere (lagun batzuentzat gaztelania etxeko hizkuntza bada).

Zer egin dezakegu euren harremanetan euskara gehiago erabiltzeko?

1.Zurekin duten harremanean
Umeekin euskara erabiltzen jarraitzeko aholkatuko genizuke, euskaraz hitz egiten entzuten ohitzeko, onena dakizun euskara edonoiz erabili beharrean une jakin batzuetan beti erabiltzea da. Adibidez: goizero altxatzen direnetik eskolara edo autobusera heldu arte. Horrelako egoeretan, gehienetan, elkarrizketak oso antzekoak izaten dira eta beti euskaraz izateko ahalegina egin dezakegu. Apurka-apurka gero eta horrelako egoera gehiago izango ditugu.

Hori bai, ez genieke eskatuko euskaraz egiten dugunean beraiek ere euskaraz erantzutea, gaztelaniaz erantzuten utziko genieke (beraiek hizkuntza horrekin identifikatzen gaituztelako). Aukera asko daukagu noizean behin zerbait euskaraz esaten hasteko, eta egoera horiek erabil ditzakezu mezu positiboak emateko: euren esfortzua txalotu, zuretzat eurek zurekin euskaraz egitea zein garrantzitsua den azpimarratu…

2.Neba-arreben arteko harremanean:
Ez da erraza beraien arteko harremanean euskara erabiltzea etxeko hizkuntza gaztelania bada. Hala ere, egoera batzuetan erabiltzea lor dezakegu eta ikus dezatela guretzat oso garrantzitsua dela euren artean euskara erabiltzea. Adibidez, guk ere parte hartzen dugun egoeretan erabiltzeko proposamena egin dezakegu, eskulana edota edozelako joko bat egingo badugu, ekintza hori euskaraz izatea proposa genezake. Beraiek ados egotea lortu behar dugu eta geuk ere parte hartzen dugunez, euskara erabiltzen lagunduko diegu: gaztelaniara jotzen badute adostutakoa gogorarazi eta aldeko jarrera sustatu (euren ahalegina kontuan hartu, pozik gaudela ikus dezatela…). Horrelako egoeretan euskara erraz erabiltzea lortzen badugu, beste jarduera batzuetan ere erabiltzea errazagoa izango da (eta behar bada, gu aurrean egon barik).

3.Lagunen arteko harremanean
Lagunen artean euskararen erabilera sustatzeko eskolaz kanpoko ekintzak oso garrantzitsuak dira: oso garrantzitsua da eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz izatea (kirola, musika, antzerkia…). Horrelako ekintzetan dinamizatzailea egoten da eta berak euskararen erabilera bultza dezake. Gainera, euskara eskolaz kanpoko jarduerekin lotzea lortzen dugu.

Zure zalantzak argitzea espero dugu, eta ea ideia horiek baliagarriak zaizkizun

Ondo izan