Euskara jakin arren, goxotasuna adierazteko…

Leire

Egun on!

Leire naiz eta orain dela asko zalantza dut buruan… Nire alabak 21 hilabete dauzka eta aurten haurreskolara joaten hasi da. Ni andereñoa naiz beste eskola batean eta EGA lortu nuen orain dela zortzi urte (beti A ereduan ikasi dut). Alabarekin abestiak eta marrazkiak (pailazoak eta abar) euskaraz egiten ditugu, ludotxikian zein haurreskolan ere euskaraz mintzatzen gara. Nire inguruan gaztelaniaz hitz egiten da (senarrak euskara gutxi daki) eta nire ama-hizkuntza gaztelania da (euskara erabiltzen dut lanean, batez ere). Alabari zuzentzeko askotan gaztelania erabiltzen dut eta gutxitan euskara…Beti galdetzen diot neure buruari dena euskaraz izan behar den… Alde batetik pentsatzen dut gaztelaniaz hobeto hitz egiten dudala alabari (goxotasun handiarekin…) eta gainera nire inguruan horrela jokatzen da… baina beste aldetik pena da nik euskara jakitea eta hainbeste ez erabiltzea…

Eskerrik asko zuen laguntzagatik.

Agur bero bat, Leire



Kaixo Leire

Hizkuntza kontuak patxadaz hartzea nahi dugu eta, alabarekin ari zarenean, garrantzitsuena eroso egotea da; hortaz, zure ustez, alabarekin gaztelaniaz hobeto komunikatzen bazara, hitz egin lasai alabari gaztelaniaz. Alabari euskara emateko, umearekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk identifikatzea da onena, hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsiko zarete. Hori bai, ahalegindu gero eta euskara gehiago erabiltzen bion artean, eta ikusiko duzu apurka-apurka bion arteko euskarazko komunikazioa gero eta erosoagoa izango dela.

Horrez gain, eskolan matrikulatzeko sasoia heltzen denean, zuon umeak euskaraz ondo egitea nahi baduzue eta elebiduna izatea nahi baduzue, zalantza barik jarraitu aukeratu duzun D ereduan.

Ahal duzun neurrian, hazten denean eskola orduz kanpoko jarduerak ere euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko jasotzen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake. Horrela, ingurukoekin euskaraz aritzeko aukerarik ez badu ere, bere lagunekin euskaraz arituko da.

Beraz, ez kezkatu umeak bi hizkuntzak ondo ikasiko baititu, beti euskaraz egiten ez badiozue ere.