Kaixo, Bikote euskaldun berria gara eta 4 hilabeteko umea daukagu. Euskaraz hitz egitea kostatu egiten zaigu, euskara ez baita gure ama hizkuntza eta igarri egiten da; baina umeak euskaraz ondo egitea nahi dugu. Suposatzen dugu onena biotako batek umeari euskaraz bakarrik egitea izango litzatekeela, baina guretzako hori oso zaila da. Hortaz jakin gurako genuke pertsona berak euskaraz eta gaztelaniaz hitz egin diezaiokeen edota pertsona bakoitza hizkuntza batekin identifikatu behar duen. Pertsona batek bi hizkuntza egiten badizkio, umeak biak nahastuko ditu eta ez du ez bata ez bestea ondo egingo? Eskerrik asko zuon arretagatik
Kaixo,
Lehenengo eta behin eskatu nahi dizuegu hizkuntzaren gaia patxadaz hartzea. Egoerak eta pertsonak hizkuntzekin identifikatzen ditugu. Hizkuntza bat baino gehiago erabil ditzakegu eta egoeraren arabera edo aurrean dugun pertsonaren arabera bat edo beste hautatu. Alabari beti euskaraz egiten badiozue, berak harreman hori euskararekin identifikatzea izaten da ohikoena, eta beraz, berak zuoi euskaraz egitea. Garrantzitsuena zuok alabarekin ari zaretenean eroso egotea da, hortaz, beti euskaraz hitz egitea zuontzat zaila eta neketsua bada, onena umearekin euskaraz hitz egiteko une eta egoera jakin batzuk identifikatzea da, hau da, helburu txikiak ezarri eta helburu txikiak lortuz handiagoetara iritsiko zarete.
Eskolan matrikulatzeko sasoia heltzen denean, zuon umeak euskara ondo egitea nahi baduzue eta elebiduna izatea nahi baduzue, zalantza barik aukeratu D eredua. Beraz, ez kezkatu umeak bi hizkuntzak ondo ikasiko baititu, beti euskaraz egiten ez badiozue ere.
Oraindik txikia bada ere, DVDak, pelikulak, jostailuak eta bestelako euskarazko erreferenteak eskaini. Horrek asko lagunduko dio. Batetik, euskara entzuteko eta erabiltzeko aukera izango du, eta bestetik euskara gauza atsegin eta erakargarriekin lotuko du. Benetan garrantzia handia du horrek. Bestalde, ahal duzun neurrian eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaini: kirola, musika, aisialdia… Jarduera horietan bizipen asko ematen dira eta euskararekin lotzea oso ona da. Gainera, jarduera dinamizatzen duen pertsonak euskaraz egingo die eta euskararen erabilera ere landu dezake.