Etxean hitz egiten dugu semearekin euskaraz, hiru urte dauzka, eta noizean behin ez dakigu nola egin erdaldunekin, mutilari erdaraz hitz egiten diotenean guk itzulpena egiten dugu, ondo dago?, edo erdaraz beste pertsona bat erdalduna bada.
Umeari zerbait gaztelaniaz esaten badiote eta ez badu ulertzen, ondo ikusten dugu itzulpena egitea. Baina, lasai, laster hasiko da ulertzen eta erabiltzen. Gaztelania entzuteko eta erabiltzeko aukera asko izango ditu (kalea, telebista…) eta berehala hasiko da hizkuntza hori ere ulertzen.
Beste kontu bat da semeari gaztelaniaz egitearena erdaldunak tartean daudenean. Hemen bi egoera ezberdin aurki ditzakegu:
Hiruron arteko elkarrizketa bat denean: hirurok dakigun hizkuntzan egin beharko dugu. Hau da, elkarrizketa hirurok ulertzea beharrezkoa da hiruron artekoa delako, beraz, batek euskaraz ez badaki eta guk gaztelaniaz baldin badakigu, ez daukagu beste aukerarik.
Semeari/alabari zerbait esaten diogunean euskaraz ez dakien pertsona baten aurrean: kasu honetan, zalantzarik gabe, euskaraz egin.
Hori da gure arteko hizkuntza. Beste pertsona jabetuko da gure artean euskaraz egiten dugula. Espero dut erantzunak zure kezka argitzeko balioko duela.