Aita austriarra, ama euskalduna

Oihane

Kaixo, ume jaioberri bat daukagu, ta nire asmoa umearekin euskaraz egitea da. Bestalde nire bikotea austriarra da eta berak alemaneraz egin nahi dio. Nire bikoteak euskararik ez daki (alemanez eta batez ere gasteleraz egiten dugu gure artean). Zein da biderik egokiena umeak ikas dezan baina zoratu gabe? Bakoitza hizkuntza bakarrean egitea? Baina batzutan umeari hitzegiten diodanean eta aitak uler dezala nahi dudanean ze erabiliko nuke gaztelera edo alemanera (alemanez ez dut gaztelera edo euskeraz bezain ondo egiten)? edo euskaraz esan eta beste hizkuntzan Eta bikotekidearekin, beti hitzkuntza bera edo aleman eta gaztelera nahastea posible litzateke?

Milesker, Oihane


Egun on,

Egiten duzun galderaren inguruan, zenbait hausnarketa eta hainbat ideia datozkit burura.

Batetik, etxe berean hiru-lau hizkuntza elkarrekin bizitzea ohikoa da. Beraz, hasteko, garbi eduki zuen egoera beste etxe askotan ere ematen dela.

Bestetik, hizkuntzen transmisioaren gaia ahalik eta modu naturalenean eta atseginenean hartu behar dugu: haur batek aldi berean hainbat hizkuntza ikas ditzake. Hizkuntzak entzun eta erabiltzen baditu, ikasi egingo ditu zailtasunik gabe.

Baina garrantzitsua da gurasook hizkuntzen transmisioaren gaia patxadaz eta naturaltasunez hartzea. Disfrutatu dezagun!

Ideia hauek kontuan hartzea proposatuko nizuke:

  • Bakoitzak berean: zuk euskaraz egin eta bikotekideak egin diezaiola alemanieraz. Bakoitzak berean, beti. Baita beste pertsona batzuk aurrean daudenean ere. Hau da: elkarrizketa nire semearekin-alabarekin baldin bada, bion arteko hizkuntzan egingo dugu. Pertsonak eta egoerak hizkuntzekin lotzen ditugu, eta zuen semea-alaba etxean batekin euskaraz aritu daiteke, eta bestea agertzean harekin alemanieraz hasi. Kalean eta eskolan ere berdin berdin egingo du. Eta ez du aukeratu behar: identifikazio hizkuntzaren arabera egingo du.
  • Ama hizkuntza aberatsa eta etxeko hizkuntzak aberatsak: zuen semea-alaba eleanitza izango da. Hizkuntza bat baino gehiago ikasiko ditu: gutxienez euskara, alemaniera, gaztelania eta ingelesa. Hizkuntzak ondo ikastera begira, oinarri oinarrizkoa da ama hizkuntza. Ama hizkuntza aberastasuna baldin badu, beste hizkuntzetan maila on bat lortzeko abiapuntua ezin hobea da. Beraz: saiatu ama hizkuntza aberatsa eskaintzen eta hizkuntzarekin asko jolasten (abestu, ipuinak kontatu, irakurri eta burura datorkizuen edozein gauza). Noski, gurasoen beste hizkuntzan ere aberastasun hori eskaintzen ahalegindu.
  • Etxeko hizkuntza alemaniera edo gaztelania izan daiteke, baita nahasketa bat ere. Hau da: hirurok elkarrekin hizketan ari zaretenean zein hizkuntza erabiliko duzue? Zuen nahia hizkuntza hori alemaniera izatea bada, egin ezazue alemanieraz. Eta zuk zure burua mugatuta ikusten duzunean, egin ezazu gaztelaniaz egoera edo elkarrizketa horretan. Hau da: etxeko hizkuntza alemaniera da, baina beste hizkuntzak ere baliatu ditzakegu komunikazioa ez kaltetzeko. Haurra ere berehala jabetuko da horretaz.
  • Identitatea. Zer nahi dugu izatea hizkuntza bakoitza? Ikasten ditugun hizkuntzak gure identitatearen parte bihurtzen dira. Hizkuntzak izan daitezke: ama-hizkuntza, hizkuntza afektiboa, etxeko hizkuntza, ikasteko hizkuntza, lanerako hizkuntza, bidaiatzekoa eta abar luze bat. Beraz, hauxe galdetu behar diozue zuen buruari: zer nahi duzue izatea zuen seme-alabarentzat ikasten ari den hizkuntza horietako bakoitza? Nola bizitzea nahiko zenukete? Ba horixe da transmititu behar diozuena zuen jarrera eta jokabideekin.
  • Zaindu hizkuntzekin harremana: identitatearen bide horretan, zaindu euskararekin eta alemanierarekin harreman handia eta positiboa izatea (eskola orduz kanpoko jarduerak, telebista, musika, kaleko harremanak…). Kontuan izan etxean nagusiki euskara eta alemaniera eskaini arren, gizarteko hizkuntza nagusia gaztelania dela eta horrek eragin handia duela beraiengan. Beraz, eleaniztasuna modu positiboan bizi dezan, zaindu euskararekin eta alemanierarekin harremana. Horretan lagungarria da semearekin-alaberakin eleaniztasunari buruz ere hitz egitea: etxean hitz egiten dituzuen hizkuntzei buruz, gurasoon hizkuntza ibilbideari buruz, ikasten ari den hizkuntzei buruz… Hau da: ikus dezala arro eta pozik zaudetela aniztasun horrekin, eta berak ere horrela bizitzea nahi duzuela.

Ikusten duzun moduan, hainbat puntu aipatzen dizkizut. Baina oinarrian beti ideia bat dago: eleaniztasuna normala eta aberatsa da, eta hori bera da seme-alabei transmititu behar dieguna, beraiek asko irabazten ari direla eta guk disfrutatu egiten dugula bide horretan.