Les doutes habituels
Nik badakit euskaraz baina nire bikotekideak ez. Nola egin behar genuke seme-alabekin?
Gaur egun oso ohiko egoera da eta horrelakoetan gurasoetako bakoitzak seme-alabei bere hizkuntzan egitea da egokiena.
Etxe berean hizkuntza bat baino gehiago elkarrekin bizi daitezke, eta hori gertatzen da hainbat etxetan. Haurrek pertsonak eta egoerak hizkuntzekin identifikatuko dituzte eta hizkuntza batetik bestera pasako dira modu naturalean.
Beraz, ez izan zalantzarik, eta euskaraz baldin badakizu erabili lasai eta gustura euskara seme-alabekin. Etxea da hizkuntzak transmititzeko modu naturalena, errazena eta eraginkorrena. Oso garrantzitsua da euskaraz dakien bikotekideak seme-alabei jaiotzen direnetik euskaraz egitea.
Hizkuntzarekin jolasteko proposamenak
Ipuin kontalariak
Seme-alabei txikitatik ipuinak kontatzeko ohitura hartzea oso ona da: irudimena, hiztegia eta ahozkotasuna lantzeaz gain, ondo pasatzen dugu. Ipuinekin, gainera, hainbat modutara jolas dezakegu:
– Ipuinak asmatzea (edo txikitan ikasi genituenak kontatzea).
– Beraiekin liburutegira joatea, liburuak elkarrekin aukeratzea, liburutegian edo eta etxean kontatzea…
– Liburuarekin jolastea: kontatu aurretik azaleko marrazkia ikusita bion artean ipuina asmatzea , liburuko marrazkiak ikustea eta marrazkiak jarraituz bion artean ipuina asmatzea, ondoren irakurtzea…
Irakurzaletasuna
Irakurzaletasuna sustatzea aproposa da hizkuntza-aberastasunera begira. Baliabide asko gara ditzakete bide horretatik.
Irakurzaletasuna sustatzeko abiapuntu egokia da:
– Txikitatik ipuinak kontatzeko eta liburutegira joateko ohitura hartzea.
– Irakurtzen hasten direnean irakurgai egokiak eta gustukoak eskaintzea.
– Eredu izatea: gurasook irakurtzeko ohitura badugu, errazagoa izango da seme-alabek ohitura hori barneratzea.
Abestiekin jolastea eta bertsozaletasuna
Abesti bera modu ezberdinetara abes dezakegu: haserre, barrez, negarrez, mantso, azkar, tonu oso baxuan, garrasika… Oso dibertigarria izaten da eta hizkuntzarekin jolasteko abiapuntu ona da. Edozein abestirekin egin daiteke. Adibidez:
Harri koskor batekin, hor dabil Martin-tin-tin
jotzen ditu kax-kax-kax, bata bestearekin
bata bestearekin jotzen ditu kax-kax-kax
harri koxkor batekin, hor dabil Martin-tin-tin
Musikarekin jolasteaz gain, letrarekin ere jolas dezakegu: bertsioak asmatu, letra berria jarri… Hor bete-betean ariko gara hizkuntzarekin jolasten.
Abestiekin jolasean jaioberritatik (baita aurretik ere) has gaitezke. Hizkuntzak erabiltzen hasten diren neurrian, beraiek ere abestuz parte har dezakete.
Bertsozaletasuna sustatzea izan daiteke hurrengo urratsa. Bertsolaritza hizkuntzarekin jolasteko modu bat da eta etengabe euskara hobetzeko eta aberasteko bide eraginkorra. Gainera, bertsolaritzaren inguruko harreman sareak euskaldunak izaten dira eta gaur egun erreferente asko eta indartsuak eskaintzen ditu, baita gazteentzat ere.
Sinonimoak
Gauzak beti modu berean esan beharrean, hiru-lau modutara esatea. Eta batzuetan jarraian. Jolastu hauekin, gustuko badituzu beste hainbat ere aurkituko dituzu:
Poza adierazteko Alai, pozik, gustura, ondo, kontentu…
Ondo egin duela esateko Ederto, itzel, bikain, primeran, majo, oso ondo, ederki, elegante, mundial…
Harridura adierazteko Harrituta, txundituta, aho zabalik, miretsita, zurtz eginda…
Nekea adierazteko Nekatuta, jota, nekaporratuta, porru eginda, leher eginda, lur jota, sats eginda…
Gosea adierazteko Gosetuta, tripa zorriekin, sabel-zorriekin, apetituarekin…
Bizipen positiboak eskaintzeko aholkuak
Euskara ere oparitu: opariak egin nahi dizkiegunean, euskarari ere lekua egin. Jostailuak, liburuak, musika… Horri begira, euskarazko produktuen katalogoan hainbat erreferentzia aurkituko dituzue: www.katalogoa.eus
– Telebista euskaraz ere ikus dezatela: ETB3n marrazki bizidun asko eskaintzen dituzte eta hainbat beraien gustukoak izango dira. Bestalde, web gune honetan hainbat marrazki bizidun aurkituko dituzue: marrazkiak.euskal-encodings.com. Beraz, gaztelaniazko eskaintza euskarazkoa baino handiagoa izan arren, telebista euskaraz ere ikus dezaten zaindu beharko genuke.
– Euskarazko ekitaldiak: zuen udalerrian eta inguruan euskarazko ekitaldiak askotan izango dira ziurrenik (antzerkiak, txotxongiloak, pailazoak, musika…). Merezi du ekitaldi horietara joatea: ondo pasatuko duzue eta euskarazko bizipenak eskaintzen arituko zarete.
– Eskola orduz kanpoko jarduerak: jarduera bat aukeratu behar duzuenean saiatu euskarazkoa aukeratzen. Eskola orduz kanpoko jardueretan bizipenak asko izaten dira eta hizkuntzazko harreman asko sortzen dira edo eta finkatzen dira egoera horietan.
Ondo ikasiko al du gaztelania
Zuen seme-alabek euskara maila ona izango dute. Baita gaztelania maila ona ere. Derrigorrezko ikasketak amaitzen dituztenean, euskaraz eta gaztelaniaz ondo adierazteko gai izango dira: ahoz zein idatziz. Gainera, hirugarren hizkuntzan ere oinarri on bat izango dute.
Hori bai, ez da gauza bera hizkuntza maila on bat izatea edo hizkuntza aberatsa izatea.
Hizkuntza aberastasunean eragin gehien gurasook duzue, eskolak baino handiagoa. Zuen seme-alabek hizkuntza aberatsa izatea nahi baduzue, saiatu etxetik aberastasun hori eskaintzen eta norabide horretan egokiak diren jarrerak sustatzen.
Noiz hasi hirugarren edota beste hizkuntza batzuk ikasten?
Garrantzitsuena ez da hirugarren edota beste hizkuntza batzuk noiz hasten diren ikasten, nola lantzen diren baizik.
Haurrek hizkuntzak erabileraren bidez ikusten dituzte: ondo erabiltzen bada, hizkuntza bat baino gehiago ikas ditzakete arazorik gabe.
Hirugarren hizkuntza edota beste hizkuntza batzuk txikiak direnean has daitezke ikasten. Baina hizkuntza horien erabilera ez bada handia, ez dute beste hizkuntzetan duten maila lortuko. Hori bai, oinarria ona izango da eta etorkizunean erraztasuna izango dute hizkuntza horiek hobetzeko erabilera indartzen dutenean.
Beraz, haurrek hainbat hizkuntza aldi berean ikasteko gaitasuna dute, baina hizkuntza horiek erabili egin behar dira, eta euskara eta gaztelania erabiliko dituzte, baina ziurrenik ez horrenbeste hirugarren edota laugarren edo bosgarren hizkuntza.
Gero eta gaztelania gehiago erabiltzen dute lagunartean
Hainbat kasu eta egoeretan gertatzen da seme-alabek lagunartean gaztelaniara jotzea. Zergatik gaztelaniarako joera hori? Hainbat arrazoi egon daitezke tartean:
6- Haurrek hizkuntzak motibazio naturalen eta praktikoen arabera aukeratzen dituzte. Jolastera bildu diren lagunek zein hizkuntza erabiltzen dute modu naturalean? Baliabide gehien zein hizkuntzatan daukate? Lagunen artean batzuek gaztelaniaz errazago egiten badute eta besteek gaztelaniaz ere erraz egiten badute, nahiko normala da gaztelaniarako joera hori hartzea.
– Etxean eta eskolan nagusiki euskara jaso arren, kalean eta komunikabideetan gaztelania asko jasotzen dute haurrek. Adibidez, kirol arloko eta kultura arloko erreferente asko gaztelaniarekin lotzen dituzte, eta, gainera, lagunartean erabiltzen dituzten esamoldeak ere gaztelaniazkoak izaten dira hainbatetan. Bide horiek, 4-5 urterekin agian eragin gehiegi izan ez arren 8-9 urtekoentzat eragin handia dute.
Zer egin horri aurre egiteko? Hasteko, argi eduki ez dela haurren errua euskara ez erabiltzea. Guk egoera horietan haurrek euskaraz egitea nahi dugu. Beraz, lagundu egin behar diegu euskara erabil dezaten.
Laguntzeko hainbat bide egon daitezke, hiru proposatzen dizkizuegu:
– Etxetik euskara aberatsa eskaintzea, eta horretarako euskararekin jolastea.
– Euskara gehiago erabiltzen laguntzea.
– Euskarazko bizipen positiboak eta erreferenteak eskaintzea.
Sei proposamen euskara gehiago erabiltzen laguntzeko
– Gurasoen artean eredu izaten ahalegindu: euskaraz dakiten gurasoekin euskaraz egiten dugu? Horrela bada, eredu gara. Horrela ez bada, proposamen bat: hitz egin guraso horiekin, eta hizkuntza-ohitura aldatzea proposatu baina urrats txikiak emanaz. Adibidez: parkean elkartzen garen bakoitzean euskaraz egiten hasi…
– Ume zaintzaile euskalduna: seme-alabentzat ume zaintzaile bat hartu behar badugu, saiatu euskalduna bilatzen. Zaintzailearekin denbora asko egongo dira eta harreman afektiboa ere izango dute. Beraz, zaintzailea euskalduna bada, gurekin ez daudenean ere gure seme-alabak euskaraz arituko dira.
Horretarako laguntza behar baduzue, jo zuen udaleko euskara zerbitzura. Horrez gain, Bizkaiko hainbat udalerrik sustatzen duten Beharsarea izeneko webgunea ere erabil dezakezue, bertan, besteak beste, zaintzaile euskaldunak aurkitzeko aukera izango duzue. Informazio gehiago izateko sakatu hemen
– Jolastu umeekin: haurrak lagunartean jolasten ari direnean tartean sartu eta beraiekin jolasten baduzue euskaraz aritzeko ohiturak finkatzen lagun diezaiekezue. Euskarazko abestiak eta jolasak erabil ditzakegu, eta, gainera, elkarrizketetan parte hartzen dugunez, euskaraz aritzen laguntzen diegu.
Kantu eta jolas ikastaroei buruzko informazioa nahi baduzue, jo zuen udaleko euskara zerbitzura. Informazio gehiago izateko sakatu hemen
– Ez egin errieta: gaztelaniaz hitz egitea ez da txarra, beraien hizkuntza ere bada. Umeek ikus dezatela beraiek ere euskaraz egitea nahi duzuela eta horrela egiten dutenean zabaldu mezu positiboak: animoak, zorionak…
– Helburu txikiak adostu: lor daitezkeen helburuak ezarri eta zuen laguntza eskaini. Adibidez: jolas hau egingo dugu, baina egiten dugun bitartean denok euskaraz egin behar dugu. Ados? Gu bertan egonez gero, elkarrizketak euskaraz bidera ditzakegu eta helburua lortzeaz gain, mezu positiboak ere eman ditzakegu: oso pozik nago, bihar beste jolas bat! ; Banekien nik lortuko zenutela! …
– Eskola orduz kanpoko jarduerak: garrantzitsua da eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz aukeratzea. Euskaraz aritzeko guneak eskaintzen dizkiegu, gune babestuak: pertsona batek dinamizatzen ditu jarduera horiek eta euskararen erabilera ere dinamiza dezake.
Lagunartean erabiltzen duen euskara oso traketsa da
Seme-alabek lagunartean hizkera traketsa erabiltzen dutela iruditzen zaio hainbat gurasori. Horrelako kasuetan, bi egoera bereiz daitezke:
– Euskara eta gaztelania erabiltzea eta nahastea elkarrizketetan.
– Euskaraz aritzea baina egoera informaletako hainbat esamolde gaztelaniatik hartzea.
Euskarazko elkarrizketetan gaztelaniari lekua egitea oso ohikoa da, baita helduen artean ere: elkarrizketaren zati batzuk euskaraz izatea eta beste batzuk gaztelaniaz. Seme-alabek helduengandik ikasi ohi dituzte jokabide horiek.
Bigarren kasua, aldiz, gazteen hizkera informalari dagokiona da: orain 15-20 urteko hizkerak ez die balio eta agian gaur egun euskarak berak eskaini ditzakeen baliabideak ez dituzte eskura.
Egoera ulergarria da, eta, horren aurrean, gurasoen jokabideak hauek izan daitezke:
– Norberaren portaerak zaintzen hastea: euskaraz ari garenean gaztelania ez tartekatzea, gure hizkera aberasten saiatzea…
– Ahalik eta hizkera aberatsena eskaintzea: euskararekin jolastea (lehengo eta oraingo hizkerarekin, abestiekin…), eredu egokiak eta erreferenteak eskaintzea, euskararekiko eta hizkuntzekiko kuriositatea sustatzea…
Bide horretatik seme-alabei bi baliabide mota ematen dizkiegu:
– Euskara egoera komunikatibo ezberdinetan erabiltzeko baliabideak ematea, eta, horrekin batera, hainbat esamolde gaztelaniatik hartzen badituzte gutxienez horretan ari direla jabetzea.
– Euskara hobetzeko eta berritzeko baliabideak ematea: hizkuntzekiko zaletasuna baldin badute eta euskararekin jolasten baldin badakite, hainbat egoera komunikatibotan sortzen zaizkien beharrak euskaratik asetzeko modua izan dezakete euskarak lehendik dituen baliabideak bilatuz (euskalkiak, hitanoa…) edo berriak sortuz.
Hizkuntzak ondo ikastera begira...gertukoa zaintzetik hasi
Zure euskara maila hobetzeko zenbait urrats:
– Euskaraz aritzeko gai bazara baina gehiegi erabiltzen ez baduzu edo behar bezala transmititzeko zailtasunak izan ditzakezula iruditzen bazaizu, ahozko jarduna hobetzen ahalegindu zaitezke. Horretarako, euskaraz aritzen diren taldeetara hurbiltzea oso egokia da: mintzapraktika taldeetara.
– Hasieran, ahozkoa da umearekiko harremana. Gero, apurka-apurka, idatzizkoa ere izango da (eskolako lanak…). Oso lagungarria izango da umearentzat nahiz zuretzat zeu euskaraz alfabetaturik egotea, horretarako herrian edo inguruan dituzun euskaltegietara joan zaitezke.
– Bizkaiera erabiltzea eta euskalkiarekin jolastea tresna eraginkorra da euskara aberatsa izatera begira. Ez baduzue euskalkia ezagutzen, bizkaierazko esamoldeak ikasi eta horiek erabiltzen has zaitezkete, edo, hainbat euskaltegik bizkaiera lantzeko ikastaroak ere ematen dituzte.
Zure udaleko euskara zerbitzura jo dezakezu euskara ikasteko aukerei buruzko informazioa eskatzera. Zure herrian dauden laguntzen berri izateko sakatu hemen
Horretaz gain, oinarrizkoa da jaiotzen direnetik etxeko hizkuntza zaintzea eta euskara aberatsa eskaintzen ahalegintzea. Euskararekin jolastea da horretarako bidea:
– Abestiekin: abestiak ikasi, tonu eta erregistro ezberdinetan abestu, abestiei letrak aldatu…
– Hitz jakin batzuk erabili gabe definizioak egitera jolastu.
– Mihiluzera jolastu.
– Hitzak asmatu eta horiekin jolastu: nola esaten da…?
– Euskaraz lehen gauzak nola esaten eta idazten ziren begiratu eta kuriositatea sortu.
– …
Beste oinarri bat euskaraz bizipen eta harremanak izan ditzaten laguntzea izango da:
– Izan ditzatela euskarazko erreferente asko eta egokiak: musika, kultura, liburuak, aldizkariak…
– Euskarazko jostailuak eta jolasak ere eskaini.
– Euskarazko kultur ekitaldietara eraman: antzerkiak, kontzertuak, jaialdiak…
– Eskola orduz kanpoko jarduerak euskaraz eskaini. Horrek ere lagunduko die euskarazko harreman sareak izan ditzaten.
– Bizi zareten eremuan gaztelania bada hizkuntza erabiliena, tarteka, eta ahal duzuenean, euskararen erabilera handia den inguruneetara joan.